Laudio Goikoan Autonomia Proiektuan hasi behar diren bi gazteren egoera salatu dute ikasleen familiek. Izan ere, gaur Laudio Institutuak azaldu die euren garraioaren kontratazioa ez dela egin -garraio egokitua behar dute-.
Familia batek Aiaraldea Komunikabideari argitu dionez, gaur Laudio Institutuan egindako bileran adierazi diete eurek zerbitzu hori kontratatzeko lanak abiatu zituztela udan, baina Gasteizko Hezkuntza Ordezkaritzak esan ziela hiriburutik egingo zutela.
Ostiralean, aldiz, Ordezkaritzak kontrakoa aipatu zien. "Zorionez, enpresen aurrekontuak eskatu zituzten udan eta institutuan dokumentazioa bidali dute Gasteizera", erantsi dute gurasoek. Datarik gabe garraiorako
Gauzak horrela, familiek ez dakite noiz izango duten garraio publikoa Laudio Goikora joateko. "Bihar nik eramango dut nire semea eta ikaskide bat, aulki gurpildunean dagoena, baina hori egingo dut oporretan nagoelako. Aste honetan amaituko ditut eta ez dakit zer egingo dugun gero. Nire bikoteak ezin ditu eraman, gidabaimena ez duelako, eta trenez eta oinez joatea ez da bideragarria", ohartarazi du aita batek.
Horrez gain, familiak salatu du agindu zietela udan amiantoa kenduko zutela Laudio Goikoan eta agerian den teilatu batean ez dutela egin. Laudio Goikoa
Udaberrian hasi zuen hautsak harrotzen Laudio Goikoaren egoerak. Izan ere, Hezkuntza Sailak iragarri zuen itxiko zutela. Mobilizazioen ondoren, atzera egin zuen erakundeak, baina bere etorkizunaren inguruko erabakiak korapilatsuak izan dira eta autonomia gutxien duten Zereginen Ikaskuntzarako Gelako ikasleak hara bideratu dituzte eta besteak Zaraobe Institutura.
(0)Comments