1936ko Gerra hasi zeneko 90. urteurrena dela eta, Hernaniko Udalak 'Hernani oroimena. 90 urte: ahanzturatk memoriara' zikloa antolatu du. Ekimenei astelehen honetan eman zaie hasiera, Biteri kultur etxean inauguratu den erakusketarekin.
Irailaren 13an beteko dira 90 urte uztailaren 18an altxatu zirenak Hernanin sartu zirela. Xabier Lertxundi alkateak azaldu duenez, «frankismoaren errepresioa sufritu zuten ahaztutako pertsona guztien oroimena berreskuratzeko, egia osoa ezagutzeko eta, ez delako justizia eta erreparaziorik egin, zor hori kitatu behar dugulako antolatu ditu ekitaldi hauek Hernaniko Udalak».
Haur erbesteratuen inguruko erakusketa
Biteri kultur etxean Hernaniko haur erbesteratuei buruzko erakusketaren inaugurazioan eman ditu azalpenak Xabier Lertxundi alkateak. Hain zuzen ere, Udaleko Artxibo sailak Aranzadi Zientzia Elkartearen laguntza izan du erakusketa hau prestatzeko. Bertan izan dira Javi Buces eta Irati Zuriarrain Aranzadiko kideak.
Bost gunetan banatutako erakusketan jaso dira gertatu zirenak eta haur haien bizipenak eta memoria. Biteri kultur etxean egongo da ikusgai, gaurtik hilaren 26a arte.
Zuriarrain ikerlariak gaiarekin lotutako hitzaldi bat ere emango du, ehunka izan baitziren erbesteratu behar izan zuten haur hernaniarrak. Haien inguruan sakonduko du irailaren 23an.
Hiru hitzaldi
Zuriarrainena ez da izango zikloko hitzaldi bakarra. Hiru hitzaldik osatuko duten zikloaren helburua «oso ezagunak ez diren gaiak edo orain arteko ekitaldietan landu ez ditugunak ahanzturatik ateratzea» dela azpimarratu du Lertxundi alkateak.
Lehenengoa irailaren 16an izango da. Aitzol Arroyo eta Aitor Azurki Hernani inguruan izan ziren borrokez eta haietan parte hartu zuten internazionalistei buruz ariko dira. Urriaren 7an, aldiz, II. Errepublika garaiko Hernaniri buruz ariko da Urko Apaolaza. Hitzaldi guztiak euskaraz izango dira.
Urriaren 18an, hilerrian ekitaldia
Ekitaldi nagusia urriaren 18an, igandea, izango da Hernaniko hilerrian. Lau urtez behin, Hernaniko Udalak Hernaniko hilerrian fusilatutako ia 200 lagunak oroitarazteko eta desagertutako hernaniarrak oroitzeko ekitaldia antolatzen du. Carlos Lopez de Ceballos eskultoreak sortutako Argi-horma eskulturaren aurrean izango da ekitaldia.
«Frankisten errepresioaren gune garrantzitsua izan zen Hernaniko hilerria, bertan fusilatu eta dokumentatu gabe luperatu baitzituzten 200 lagun inguru», ekarri du gogora Lertxundik. Azaldu du monumentuan dagoen plaka aldatu duela Udalak, bertan fusilatu eta lurperatutako pertsona gehiago identifikatu ahal izan baitira. Egun, Hernaniko hilerrian fusilatu eta lurperatutako 151 lagun daude identifikatuak (orain arte 138 ziren).
Ekitaldi hau biktimen eta fusilatuen senideen, fusilatuen herrietako udal ordezkarien, oroimena eta bizikidetzaren inguruan lanean ari diren instituzio eta elkarteetako ordezkarien, eta Hernaniko herritarren elkargunea izango da beste behin, «oroimena berreskuratu eta, egia eta justizia aldarrikatu nahi ditugulako haientzat eta haien senideentzat».
Xabier Lertxundi alkateak herritar guztiak gonbidatu ditu 'Hernani oroimena. 90 urte: ahanzturatik memoriara' zikloan antolatu diren ekimenetara. «Gaur egun nazioartean bizi ditugun garai politiko nahasi hauetan, gainera, inoiz baino garrantzitsuagoa da memoria egitea eta gertatu zena ezagutzea, iraganeko inertzietan berriz ez erortzeko bermea baita gertatu zena ezagutzea eta oroitzea».
(0)Comments