Abiatzear da Arte Hartze Zikloa, beste udazken batez. Ostiral honetan, hilaren 11n, izango da lehenbiziko ekitaldia eta beste sei topaketa egongo dira azaroaren 21a bitarte. Aiaraldea Komunikabideak ostiraleko zitarako sarrera bikoitza zozkatuko du.
Xabi Basterra, Ximena, Okher, Mari Garamendi eta Madalen Artetxe musikari aiaraldearrek eta Odei Barrosok eta Xabi Etcheverryk euskaraz sortzeak ematen dien horretaz hausnartuko dute mahai-inguruan
Aurten, Euskara zubi gara lelopean, Euskal Herriko ekialdea eta mendebaldea lotu nahi izan dute Kultur Faktoriako kideek, 'periferietatik, haize bolada sortzaileak elkartuz, urrunekoa gerturatuz'.
Artisten arteko ezagutza partekatu eta haien arteko harreman eta sareak indartzeko abagunea izango da Arte Hartze Zikloa. Ez hori bakarrik, antolatzaileen helburua baita kultura sektorea indarberritzeko mugimendu bat ere izatea, baita 'komunitatea gerturatu eta sendotzeko une ahaztezin bat ere'.
Arte diziplina ezberdinak bilduko ditu zikloak, hala nola musika, zinema, literatura edota arte bisualak. Lan artistikoak taularatu eta erakusteaz gain, horien atzean dauden prozesuak eta hausnarketak herritarrekin partekatzea izango da ekimenaren oinarrietako bat.
Sortaldeko haize freskoa ekartzera dator, beraz, Arte Hartze Zikloa, bai eta gure ingurukoa haraino ufatzera ere. Zubiak eraikitzera, 'euskaraz, sormenetik eta elkarlanetik'. Irekiera ekitaldia, ostiralean
18:30ean abiatuko da Arte Hartze Zikloa ostiral honetan, irailaren 11n. Aurkezpen gisa, BAGOAZ, BAZATOZ? izeneko podcast irekiaren saioa grabatuko dute. Bertan galdera hauen bueltan solasean arituko dira Aiaraldeko eta Lapurdiko musikari ezberdinak: Norena da euskarazko kulturgintza? Nork egiten du? Nork kontsumitzen du? Eta, batez ere, nola egin dezakegu gazteontzat biziago, desiragarriago eta ausartago?
Zehazki, Xabi Basterra, Ximena, Okher, Mari Garamendi (Berba Labanakaz) eta Madalen Artetxe musikari aiaraldearrek eta Odei Barroso eta Xabi Etcheverryk euskaraz sortzeak ematen dien horretaz hausnartuko dute mahai-inguruan.
Horren ostean, 20:00ak aldera, Baionatik etorritako Auhen taldeak hartuko du oholtza. Rapetik abiatu baina rapa baino gehiago taularatzen duen proposamena da: ØDEI raperoa Pierre Sangla, Peio Lambert, Xabi Etcheverry, Bastien Marianne eta Patxi Amulete musikariekin batu eta elkarrekin osatu dute taldea, eta 'hitzaren indarra eta soinu-geruza askotarikoak uztartzen dituzte, atmosfera trinko eta ñabarduratsua eraikiz'.
Arte Hartze Zikloko sei topaketetan bezala, sarrerek hiru prezio izango dituzte: 12 euro ordaindu beharko dute Faktoriako bazkideak ez direnek, 10 bazkideek eta 8 ikasle eta langabetuek.
Arte Hartze Zikloko sei topaketetan sarrerek hiru prezio izango dituzte: 12 euro Faktoriako bazkideak ez direnentzat 10 bazkideentzat eta 8 ikasle eta langabetuentzat Urrian gehiago
Ostiralekoaren ostean, urriaren 2ra arte itxaron beharko da hurrengo topaketarako. Egun horretan, Fusible taldeak joko du Faktoriako eszenatokian.
2016an Ziburuko plazan sortutako taldea da Fusible. Ibai Zubeldiak (bateria), Txomin Ugartemendiak (gitarra eta makinak) eta Julien Labatek (baxua) osatzen dute eta krautrock, post punk eta esperimetazioa jorratzen ditu hirukote instrumentalak.
Gainera, Paxkal Irigoyenek sormen beka bat jaso du Faktoriaren eskutik, eta urriaren 18an eskainiko du jendaurrean horri esker ondutako emanaldia. Haurtzarotik da musikaria Irigoyen eta laborantzako ikasketak egin ostean, naturalki itzuli da musikara.
Kulturgintza sendotzeko tresnak
Urriaren 22an, egun osoko egitaraua egongo da Arte Hartze Zikloaren barruan. Eguerdian, Maita Elkarteko kideek kultur sorkuntza nola garatu eta zabaltzen duten kontatuko dute, eta musikagintzaren garapena zaindu eta indartzeko moduen inguruko solasaldia bideratuko dute.
Arratsalde partean, 16:00etatik 19:00tara, Marta Castro gasteiztarrak oinarrizko kultur kudeaketari buruzko saioa eskainiko du, 'sortzaile eta kultur eragileek beren ekimenak aurrera eramateko behar dituzten tresnak eskuratzeko'. Azaroan klimaxa
Arte Eman Festan ospatuko dute zikloaren amaiera, azaroaren 21ean
Azaroa abiatzearekin batera, hilaren lehenean, Ibantuta zinema ikuskizuna helduko da Faktoriara. Bakarkako emanaldi hibrido bat da Ibantuta , laute edo oud instrumentua poesiarekin, dantzarekin eta bideo musikalen proiekzioarekin nahasten duena.
Urtebetez 12 herrialdetan zehar 40 musikari baino gehiago ezagutu ondoren, zinema ikuskizun honek kolaborazio ugari aurkeztuko eta hari-instrumentu tradizionalen esentzia azaleratuko ditu.
Arte Eman Festan ospatuko dute zikloaren amaiera, azaroaren 21ean. Bertan, sormen egonaldien artistek proiektuak taularatu, If Matxikote bekadunaren erakusketa inauguratu eta Hor-Hor taldearen disko berria aurkeztuko dituzte, momentuz ekialdearen eta mendebaldearen arteko zubi hori irudikatzen amaitzeko, baina 'haren oihartzunak harago iristeko bokazioz'.
(0)Comments